XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hizkuntz irakaskuntza borborka (II).

Azken astean esaten genuen bezala, hizkuntz irakaskuntza mugitua dabil munduan zehar eta, nola ez, hemen Euskal Herrian.

Hau apur bat aztertzeko hasiera hasieratik bi prozesu ezberdin ikusi behar ditugu: Euskalduntzea eta alfabetatzea.

Normalki bietan euskalduntze bide hau izan da gehien eztabaidatua eta landua eta AEKko jardunaldien barruan bi astez taldetxo bat bildu izan da, ez agian arazoei irtenbide behin behinekoa emateko baizik eta prozesua aztertuz bere ondorioak ateratzeko.

Hauetariko batzu hemen azaltzeko elkarrizketa hau izan dugu.

Metodo globalagoa
- Zein motibazio daude alfabetatzeko? Historia apur bat eginez gero erraz ikusiko dugu aspektu honetan bilakaera eman dela.

Garai batetan motibazio politikoak izan ziren jendea klaseetara eramateko ia arrazoi bakarra.

Harrez gero gauzak aldatu dira eta gaur egun krisisaren eraginez jende guztiaren arazo nagusia lana aurkitzea da, eta honetarako EGA agiria edo parekoren bat komenigarria dute.

Ez dago esaterik hauek direnik bakarrak, baina, gure ustez, motibapen garrantzitsuena izan daiteke.

Nora goaz, beraz? Errealitate honen aurrean irtenbide bikoitza bilatu behar da.

Alfabetatzearen helburua euskal hiztunak euskaraz komunikatzeko gai izatea izanik eta, ondorioz, alfabetatzearen sujetoa euskal hiztuna izanik, lehen erabiltzen ziren metodo analitikoek lehentasuna galtzen dute eta, orain, analitikotasuna galdu gabe, metodoa pixka bat globalago bihurtzen da.

Honek esan nahi du alfabetatze ibai honek bere azken tramuan adar bat izango duela EGA agiri honi zuzendua.

Programazio beharra
Beraz badugu bidea eta helbururantz eramango gaituen tresna falta zaigu: programaketa egiterakoan hainbat puntu buruan izan behar dugu.

Hauetariko bat talde homogeneotasuna izango da.

Euskaltegi batzutan dagoen ikasle kopurua ikusiz erraza izaten dute nahi dituzten erako taldeak egitea, baina, kontuan izanik AEK barruan ikasle gehienek herrietako gau-eskoletan egiten dituztela bere ikasketak, aterako dugun ondorioa zera da: ezinezkoak direla talde homogeneoak leku gehienetan.

Zer egiten duzu talde berean sartzen bazaizkizu bi etxekoandre, hiru lizentziatu, bi langile arrunt, moja bat eta beste lau edo bost ikasle gazte? Nori enfokatu behar diogu gure programaketa? Hori batetik, eta, gainera, bata euskaldun berria baldin bada, pare batek zerbait irakurtzen dute, beste bostek ezer ez..

Eta, noski, herri askotan erdiak bizkaitarrak dira, norbait giputxa eta beste batek ama Errezilgoa eta aita zuberotarra.

Menestra ederra zure aurrean! Ez badituzu lau edo bost talde egiten...

Eta argi ikusten da hau ezinezkoa zaigula, bai ekonomikoki bai pedagogikoki.

Une honetara heldurik errealitate batekin muturrez mutur jotzen dugu: Programaketa batua ezinezkoa da.

Programaketa posiblea
Errealitatearen alde gogorra garbi azaldu arren beste posibilitate bat agertzen zaigu, eta hau egokitze prozesu bat izango litzateke agian.

Pentsa dezagun edonork behar duela denbora bere euskalkitik euskara batura pasatzeko.

Ez egiturak erabat lantzeko baizik eta hizkuntza berriari usaina hartzeko, lehenengo errespetua galtzeko, textu baten aurrean lasai egoteko eta, apika, mundu hori nola mugitzen den aurkezteko.

Noski, leku batzutan prozesu hau bestetan baino motzagoa izango da, edo beste batzutan ez da beharrezkoa izango, baina lortuz gero abiapuntua berdina genuke leku guztietan.

Hau horrela esanda erdi-ustel tankera du, gutxi landua bezala baina badakigu azken finean postprogramaketak adieraziko digula zeintzuk izango diren ondorioak.

Postprogramaketak, noiz?.

Honi erantzuteko ikusi egin beharko da nola banatu ditugun ikasunitateak.

Lehenengo esperientzia honetarako (gurea behintzat) pentsatu da 300 ikastordu izango direla gutxi gora behera gure ikasle arrunt batek beharko duena alfabetatzeko dezente.

Gero etorriko dira EGA eta alfabetatze teknikoak, baina, hori beste gauza batzu dira.

Banatu ditugu 100 orduko 3 zatitan eta zati bakoitza 8 orduko ikasunitatetan, pentsatuz aste bakoitzean 8 ordu emango ditugula.

Beraz, 96 ikastordu eta gainerako 4 ordu horiek ebaluaketatxo batzuk egiteko.

Eta urriaren hasieran ekinez, Gabonetarako lehen 100 orduko postprogramaketa izango dugu.

Dena bere lekuan, profesionalak bezain, ondo.

Punto bat kanpoan gelditu zaigu.

Euskaldun berriak?.

Honetarako 6garren urratseko jendearekin egon beharrean gaude.

Oraingo euskalduntze prozesuan hitzegiteari hasieratik ekiten zaio, beraz 6garren urratsean bukatuko da beraien euskaldun bilakatze bidea.

Erraz ikusten da maila honetan egitura pilo bat menderatuko dutela, beraz, lana izango da aztertzea zeintzu diren egitura horiek, ikusi gure programaketan non kokatzen diren eta trenean bigarrengo geltokian sar daitezela.

Seguraski bere biletea ez da oso garestia izango trasbordoa egin beharko baitute eta EGAko geltokirantz abiatu.

Punto guztiak ukituz
Zein pauso emango dituzue aurrera egiteko?.

Beno, alfabetatze prozesuan mugitzen diren egitura gramatikal guztiak hartu ditugu eta beste hainbat bitxikeria interesgarriak direla deritzagunak, eta ikastunitatetan banatu.

Nola ikastaraziko ditugun da gure hurrengo pausua.

Sistema global bat aurkitu nahi dugu eta honetarako lehen izandako esperientzien bilduma egitea pentsatu dugu.

Textuak, mintzamen, ulermen, entzumen ariketek garrantzi handiagoa hartuko dute, baina, ariketa analitikoetan lagun on batzu izango dituzte.

Dena izango da beharrezkoa.

Behin dena finkaturik dagoenean kritika bat egingo diogu eta fotokopiak ateratzea! Dena den urria gero eta urreago dago, hemen datorkigu gupidarik gabe eta aste honetan burukominak bere partea izango du gure munduan.

Hor utzi ditugu bere eztabaidan, egunak zehazten, azken ukituak ematen.

Gure barruan sentimentu bat: lehen ezer ez zegoen lekuan orain zerbait dago, ilusioa eta itxaropena gutxienez.

Gero gerokoak. Koldo ALDALUR.